Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Donostiako euskal idazleak
Liburuetako testuak
Liburuetako testuak

 

Jeu de Paume

Fito Rodriguez

Hau ez da hitzaurre bat

 

Jose Luis Alvarez Santa Cristina

 

 

  Denok gaude zorretan Rene Magritterekin, aldez edo moldez. Margolari aparta izan zen, ezbairik gabe. Sinboloen eta irudien indarraz eta bikoiztasunaz maisuki ohartarazi gintuen. Errealitateari begi berriez so egiten irakatsi digu bere obra ezagutzeko parada izan dugun guztioi, askok berarekin duten zorra aitortu ez arren. Fito Rodriguez idazle eta pentsalaria ez dugu esker gaiztokoa, ozenki eta ageriki erakusten baitu bere inspirazio iturria. Belgiar margolari handiaren arrastoari jarraiki zaio oraingoan ere, trebe bezain emankor, maisuari omenaldi bikaina eskainiz. Ez hori bakarrik baina.

  Magrittek ez omen zuen pipatzen literatur sorkuntzaz haratago, hitzez eta ikurrez osaturiko koadro zabal jori bat margotu digu hitz lauz, irakurketa eta polemika (eztabaida) ezberdinen sorburu izan daitekeena. Eztabaida literario, estetiko eta filosofikoren sorburu, hain zuzen ere. Jeu de Paume-ren aitzakian, Konkordia bila polemika bidetik. Kontraesana pentsamenduaren eta artearen iturri.

  Begi aurrean dugun obra honek genero berri samarra proposatzen digu: fikzioneta, egileak berak aitortu digunez. Fikzioneta ez dugu genero kanoniko horietako bat, bistan denez, baina ohiko literatur genero guztiek bilatzen dutena, zeinak bere ikuspuntutik eta sentsibilitatetik, du xerkatzen: errealitatearen berri ematea, adieraezina adierazten ahaleginduz, ahalik eta modurik ederrenean eta hunkigarrienean. Literatur generoak ez dira kasualitatez sortu, are gutxiago arbitrarioki. Beharrizan espresibo bati erantzuteko dira sortu. Orobat hizkuntza desberdinak, hauek ez baitira, maizegi esaten eta idazten bada ere, arbitrarioak, kontingenteak baizik, Saussure maisu handiak esan zuenez. Hizkuntzak bezala, neurri handi batean bederik, genero literarioak ere errealitate poliedriko eta aldakorraren berri eta irudi-emateko sortu dira. Genero bakoitza errealitatea (gauzek, pertsonek, egoerek, erlazioek, gertaerek, sentimenduek, gogoetek, jokaerek, jardunek, bizipenek eta abarrek osatzen eta eraldatzen duten errealitatea, alegia) adierazteko modu eta estilo bat da. Fito Rodriguezek gurera dakarren fikzionet generoa aspalditxotik sumatzen zen beharrizan bati erantzutera etorri da, hain justu.

  «Akademiatik kanpoko eztabaida eta poesia, idazkera eta irakurkera berriak behar ditugula uste dut», izkiriatu zidan aspaldi gabe idazleak. Garaian garaiko estilo propioak behar ditugu. Errealitatea (gu geu eta gure ingurumena) aldatuz doan heinean, gure mintzamolde eta idazmoldea egokitu behar zaizkie egoera, gertakari eta bizipen berriei, hizkuntzak (euskal hizkuntzak, gurean) eta komunikazioak huts eginen ez badute. Halere, literatur metodologia berri bat baino areago «pentsamendua irakurtzeko nahiz sortzeko estilo bat da funtsean», autoreak dioenez. Historiak eta iraganak irentsiko eta irenduko ez bagaituzte, historia egiten eta idazten jarraitu behar dugu. Historia egitea istorioak eta fikzionetak asmatzea ere bada. Literaturari muzin egin dion filosofiak huts egin du osotoro, Platonen Errepublikak porrot egin zuen bezala. Historiak eman duen filosofo eta idazlerik oparoenetako bat izaki bere isuri poetikoari uko egiten ahalegindu zen, diskurtso filosofiko ez zen oro gutxietsiz.  Dakigunez, Platonen Errepublikan poesiak eta antzerkiak (orduko genero gorenak) ez zeukaten tokirik ez zentzurik. Totalitarismoaren parodia eta tragedia, inondik ere. Poesia eta antzerkiaren ordez, «politikoki zuzenak ez diren izkribuak» uler ezazu irakurle, eta jatorri, kolore eta bandera ezberdinetako totalitarismoaren ezaugarri komun nagusietarik bat izanen duzu agerian.

  Liburu honetako protagonistaren gorabehera pertsonalez haratago, haren gogoeta mamitsuei erreparatuko diegu orain. Magritteren irudien bidez mintzo zaigu batzuetan; idazlearen off-eko ahotsetik beste batzuetan, narratzailea protagonista bera izan arren; fikzioak eman dion aho propiotik ere hitz egiten du maiz. Ez da munta gutxikoa narratzailearen perspektiba optikoaz ohartzea. Sarraila baten zulotik begiratzen baitu luzaroan inguratzen duena. Ez errealitate fisikoa bakarrik, errealitate sinbolikoa ere, eta berau Magritteren margolanek irudikatzen dute. Gure begiradaren metafora eder bat proposatzen digu hemen autoreak. Nola begiratzen diegu munduari (gu geu barne) eta munduaz besteek egineko irudiei? Zein modutan miratzen dugu batera subjektu eta objektu, nagusi eta mirabe gauzkan errealitate poliedriko aldakor hau? Esparru txiki eta itxietan luzaroan bizi beharra suertatu zaigunok sentsibilitate berezia bide dugu, meriturik gabea baina, gure narratzailearen ikuspegia eta egoera ulertzeko. Argirik gabeko edo argi gutxiko zelda ugari dago munduan, espetxeetakoak edota atxilo-esparrukoak izan edo ez. Konparazio arriskutsutan erori barik, esan liteke ziega mentalak kartzelakoak (ia) bezain perilosoak eta gaiztoak direla, luzarora begira bederen. Ez du meritu gutxi Fitok bere protagonistaren eskutik ziega mentalak apurtzeko eskaintzen digun bide atipikoak.

  Atipikoa diogu, ezen begirada zabal eta konplexu (poliedriko) bat ematen ahalegintzen baita, plano, optika eta perspektiba ezberdinak kontuan hartuz eta, batzuetan, gurutzatuz ene, nik uste. Ez da erraza, ez, adieraztezinaren itsaso mugagabean murgiltzea, eta are gutxiago haren berri eman nahi izatea. Inor ez gara guztiz onik irteten ahalegin horretatik. Gure zauriak eta makurrak beren baitatik mintzo dira. Saiakeraren ekarria ere bai agian, bere xumean.

  Wittgenstein filosofoak etsi-etsian sinesten zuen mintza ezin daitekeenaz isildu egin behar dugula. Ñabardurak ±abardura, ez naiz ni iritzi horretakoa. Magritte eta gure idazlea ere ez. Jakin-en plazan mintzatu naiz luze eta zabal gai garrantzitsu honetaz aspaldi gabe. Bere garaiko zientzia fisiko-matematikoen garapen izugarriak liluraturik edo, logika formal eta fisiko-matematikoaren erabateko nagusigoa ontzat eman zuen, logika horren inperioa errealitate orotara aprioristikoki zabalduz eta erredukzionismo metodologiko eta epistemologiko larri bat eginez eta eraginez, honen guztiaren ondorioz jabetu bide ez bazen ere. Maizegi ahazten dugu, inoiz benetan horren jakitun baginen, zientzia eta jakintza bakoitzak bere metodologia propioa daukala, zeinak berea. Zorrotz mintzatuaz, ez dago zientzia bat, bakarra eta letra larriz pentsatua, zientzia eta jakintza anitz baizik, eta bakoitzak bere azter-eremu, azter-bide eta logika ditu. Logika matematikoa eta logika biologikoa, esaterako, ez dira bat eta bera, izan ditzaketen puntu komunak gorabehera. Logika poetikoa eta logika fisikoa ez ditugu bat, logika formala eta logika psikologikoa bat eta bera ez diren bezalaxe. Batzuk eta besteak errealitateari begiratzeko eta hartaz jabetzeko modu ezberdinak ditugu, denak beharrezkoak, eta denek elkarren osagarri eta lagun izan beharko lukete, bakoitzak egiaren edo egia-bidearen alderdi garrantzitsu bat erakusten baitu. Arrazionaltasunaren (zentzuzkotasunaren) logika bera zientzia «gogorrak» deritzenen logikaz haratago doa, zientifizismoaren gehiegikeriak biluzian jartzen dituela. Pedro Miguel Etxenike fisikari ezaguna mintzatu zaigu honetaz: «Zientifizismoa, zientzia egiazko sentsibilitate modu bakarra dela pentsatzea, akatsa da. Behin hori esanda, baina, esan beharra dago zientzia daukagun gauzarik onena dela» (Berria, 2005-06-05). Baina egun nagusitzen ari zaigun zientifizismoaren pretentsioa ez da Etxenikek dioena bakarrik, egiazko jakintza bide bakarra dela sinestea eta sinestaraztea baizik. Ziur ote gaude zientzia (maiuskulaz eta singularrean, Etxenikek adierazten duen bezala) gauzarik onena dela? Zertara dator konparazio lehiakor bat adierazten duen superlatibo handiuste hori? Zein zientzia mota ditu bereziki gogoan gure fisikari onenak (berariaz eta begirunez darabilt orain nik superlatiboa) hori esatean? Zer funtzio eta balio dute beste jakintzek eta jakituriek? Zientzia «gogorren» errainu eta mirabe xume bat besterik ez izatea ausaz? Denbora-pasa entretenigarri eta duin bat baino ez ote?

  Zorionez, beste ikuspegi bat dakarkigu Fito Rodriguezek liburu honetan. Magritteren margolanek logika hertsien eta murritzaileen legeak apurtzen dituzte maiz, munduaren muina ulertzeko beste logika bat badagoela iradokiz eta erakutsiz. Fitoren gogoetak eta berau egituratzeko era bide bertsutik doaz. Arruntenak eta materialenak diruditen gauzak sinbolismoz beterik ageri zaizkigu, liburuan bezala gure eguneroko errealitatean ere. Areago, gauzen (eta zer esanik ez, pertsonen eta gertaeren) materialtasuna bera, objektuena eta berauen irudiena, sinbolismoak barne-zeharkaturik dago alderik alde; sinbolismoak eta beronen oinarri eta adierazpide diren balioak ere barneraturik eta zeharkaturik, hain zuzen.

  Magrittek modu eder eta bortitzean erakusten diguna, eguneroko errealitatean ikus dezakegu, arreta apur bat jarriz gero. Izan ere, gauza oro gure (eta maizegi besteen) sinbolo eta balioen prismatik begiratzen ditugu, horretaz gehienetan jabetzen ez garen arren. Fisikoek eta materialistek ere bai, jakina. Gauzak, objekturik trinkoenak barne, ez dira, gizakiontzat, energia hutsa soil-soilik, egitura, funtzio eta esanahia ere bai baitira, Cassirer, Zubiri, Ricoeur, Cencillok eta besteek aspaldi erakutsi zuten bezala, Freud ahantzi gabe. Gizon-emakumeok ere lau dimentsio horiez, besteak beste, osatuak gara. Izaki sinbolizatzaile eta desiratzaileak gara ororen gainetik, bestalde. Ez gara, beraz, materia edo energía hutsa. Zorionez!

  Fito Rodriguezek liburu honekin trebeki plazaratu duen gogoeta bide berriztatzaile hau izanen ahal da gutako bakoitza geure buruarekin eta besteekin jostatzeko gomita, Jeu de Paume hauxe, bada, Konkordia bila abiatzeko akuilu!

 

Algeciras, 2005eko udaran.

Donostiako euskal idazleak Idazleak alfabetikoki Idazleen kronologia Liburuak alfabetikoki