Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Gorostian gorosti
Ogi-gainekoak
 
Ogi-gainekoak
Donostia donostiarren (edo donostiartuen) begian Donostiari buruzko iritzi kontrajarriak
Donostiarkeriak edo gorostiaren arantza Donostiarra bere buruaz Pinportak: Donostiako hiztegi baterako

Pinportak: Donostiako hiztegi baterako

 

     

    ALESPANU HARTZEN!

    Damua adierazteko esaera, kanika jokotik heldua.

     

    ANIMA HILA

    Ur azalean flotean egotea, hila bezala.

     

    APULLIAN

    Arraun bakarrean boga egitea, arrauna popan jarrita. Ondarruan «dzingan», Bermeon «singan, singeten».

     

    ARRANPULLA

    Aitajaunak bataioetan sosak botatzen zituen umeentzako, eta hauek zalapartaka eta elkarri bultzaka egiten zuten laster biltzeko. Bota, «arranpulla» botatzen zen. Bildu ere bai. Luzapenez, merke eta handika saldu edo erosten denean, edo, besterik gabe, hartzen denean. Biltzeko hobeto gaudela, alegia.

     

    ATOAJE

    Ondra tiratzea, zerraldoaren jarraigoa.

     

    BEJELA

    «Bezela», kaiko hizkeran.

     

    BELEARENA EGIN

    Ordaindu gabe alde egin. Brakaman, Pello Espaiñ, Martzial Zikiñ, Eltzekondo... adituak.

     

    BILBON ZAPO DANA, DONOSTIAN BE ZAPO

    Inguru dotoreagoak ez duelako dotoreago egingo (bilbotarrek ez dutenez Web hau ikusten...)

     

    DONOSTIAN DONOSTI, GOROSTIAN GOROSTI

    Zabiltzan tokian, egizu bertakoek bezala.

     

    DONOSTIAKO NESKA TXATXUAK

    Piperra falta delako aitzakian beti kalera behar duten horiek. Izugarrizko zalantza sortzen du kantu honek Berez, «Donostiako neskatxatxoak» omen, baina... ez ote dugu bertsio hau sexismoaren aurka egindako «manipulazio positiboa»?

     

    EHUN TA EHUN BERREHUN, GORA ASTIARRA!

    Astigarragakoen gerrako irrintzia. Eta gero independizatu egin ziren...

     

    ERREPONPA

    Kostan jota bueltan datorren uhina. Horregatik ez dute nahi patroiek kostaldeko kalea estropadetan.

     

    EZ DAUDE ASTO GUZTIAK IGELDON!

    Edo zoro guztiak Santa Agedan. Funikularrak aurrena, eta autoek ondoren, lanik gabe utzi dituzte astoak. Gaur ez dago astorik Igeldon. Pentsa: euskaldunak ere, %60a besterik ez dira!

     

    GANBARO

    Ganbara batean entsaiatzen zuen musikaria. Luzapenez, ihauterietako musikaria, viola da ganba joko ez badu ere.

     

    HARRI-KOSKORRA

    Itsasora murgiltzeko mota bat, gorputza bil-bil eginda.

     

    HEMEN ALUE DANA, DONOSTIAN ERE ALUE

    Beste batek esaten ahal zuen: «Honyarbiin zakila dena, Donostian ere zakila». Donostia bezalako leku dotoreetan dotore portatu behar dela suposatzen da, ez alu eta ez zakil, baina «berez behar Villabonakoa».

     

    HERRIKOXEME

    Oso zaila definitzen, espiritualtasun hutsa. Inoiz, txapela urdina jantzi ohi zuen. Iriyarena entzun eta dantzan hasten zen sehaskan. Herrikoalabarik ez dago.

     

    IRUTXULO

    Marzelino Soroak zioenez, Donostiak txulo gehiegi zeuzkan, Irutxulo izena hartzeko. Eta kurtsibaz ematen zuen txulo hori, garbi geldi zedin zertaz ari zen.

     

    IZKINTXOA EGIN

    Soka-muturrean, idiari adarkada huts eginaraztea.

     

    JOXEMARITARRA

    Usandizaga, adibidez. Edo Iparragirre, Venezia Txikia esan ziolako Donostiari. Baina ez da preziso Joxemari izatea joxemaritarra izateko... Hasiera batean Santa Marian bataiatutakoak edo hango parrokiakoak omen ziren joxemaritarrak. Zein ote luke femeninoa? Marijoxepatarra?

     

    KABUXA EGIN

    Eskolan jakite greba egin, maisuaren edo maistraren galdera guztietan ez jakinarena eginez. Biltzar demokratikoak onartua eta aho batekoa izan behar zuen. Beldurgarria.

     

    KAXKARINA

    «Siendo Bayona, en el siglo XII, una villa de población eminentemente gascona y procediendo de allí la mayoría de los nuevos pobladores, nada tiene de extraño que San Sebastián, desde sus primeros años históricos, se viera marcado por un sello de neto gasconismo. Este se manifestaba en todos los órdenes, desde la lengua hablada —que durante siglos fue el gascón— hasta las instituciones mercantiles. Tal sello se advierte incluso en el carácter propio de los donostiarras, que, en contraste con la gravedad vascongada de sus circunvecinos, tienen un aire jovial y despreocupado, por lo que con palabra vascuence se les suele denominar cascariñas, esto es, cabezas ligeras.» Jose Luis banus y Aguirre. El San Sebastián de antaño. San Sebastián-Donostia, 1988.

     

    KOLKOENEKO HONDARTZA

    Kontxakoa. Ba ote?

     

    KOSTAR

    Donostia ez beste itsasertzekoa.

     

    KOXKERA, -O

    Hasiera batean, San Bizenten baitaiatutakoa edo horko parrokiakoa, joxemaritarren aurkaria. San Bizente elizako paretan koxka handiak zeuden, eta beharbada horregatik, umeek hortxe nahi pilotan. Gero edozein harri bihurtu zen koxka, eta koxka haiek maite donostiarrek. Harresiak bota zituztenean, apurtutako koxkak kristalezko kutxatiletan gorde zituzten, erlikia gisa. Gaur dena berdindu da, elizako pareta eta inguruko lauzak. Eta, hau bai xelebrea, debekatua dago San Bizenten pilotan aritzea.

     

    KURRUTAKO

    Garai bateko señoritoa, zenbat gaztelania zekien erakusten ibili behar zuena.

     

    LABETAKO

    Lauetako, arratsaldeko hamaiketakoa.

     

    LAPAMERKE

    Kostarrek donostierrei erantsitako lelo burlosoa, «Donostiarra lapamerke!» Ez haserretu, beste batzuk «lapazorrixak» dira-eta.

     

    LEBITADUNA

    XIX. mende erdi aldeko kurrutakoa. Bruxadunaren antonimoa. Ez du zertan joxemaritarra edo koxkeroa ez izan.

     

    LENTA

    Itsaspe igeri egitea, auspo erantsirik gabe.

     

    LUZE

    Arraunketa lasaia, baina palada luzetan.

     

    MUKIZERA, -O

    Umeei dagokiona, mukizuei.

     

    OLLANKA DONOSTIKO MANDIEN, EGUALDI TXARRA ESPERIE

    Bermeoko arrantzaleen esaera. Ortzadarraren hanka besterik ikusten ez dugunean, «ollanka» ikusten dugu. Manda, mandie, alde edo ingurua da. Orkolagaren jakinduria zeukaten Bermeon, tresneriarik gabe.

     

    OPILA EGIN

    Bainatzen ari denaren arropa dena nahaspilatzea, bereziki mangak eta galtzak korapilo gogorrean lotuta. Eta toalla, jakina. Grazia handia egiten dio bainuzaleari.

     

    OPIL GOXUA

    Ongi estutu ez ezik, korapiloak txakur kakaz barnizatzen direnean, «opil goxua» egiten da: eskuz ezin askaturik, hortzez saiatzen da bainuzale amorratua alkandora askatzen, eta orduan... Orduan opilgileek honela kantatzen diote, urrun samarretik badaezpada ere:

     

                    Opil goxua

                    jango dezu, bai,

                    berriz etortzen bazera.

                    Ze uste zenduben,

                    Debara juanta

                    zezena toreatzea?

     

    SARRI

    Arraunketa bizia, palada ugarikoa.

     

    TENPLOX

    Edo «celador de templos», uniformean zeraman txapak zioenez. Bedel moduko bat, kandelak itzali eta ateak ixteko ardura zeukana.

     

    TTUN-TTUNA

    Danbolina, eta luzapenez txistularien musika.

     

    TXURIZKO

    Gauean inozoak ikaratzeko azaltzen ziren fantasmak, sagardotegietatik gehienetan. Maindiretan bilduak, eta hortik izena.

     

    XANKAME

    Señorito, eta horretan gu nagusi, «Donostiar xankamiak!» mesprezuak adierazten duen moduan. Lizardik «Enaiz baserritar, / txankame kaletar / kaskariña baizik» dio bere buruagatik. Zarauztarra zen: alde gutxi.

     

    ZANBULLA

    Igeriketa mota bat, azaletik itsaspera zuzen eginez kaitik botatako sosaren bila.

     

    ZIRIRIKU

    Orain «su-ziri» esaten diote kultuek.

 

Donostia donostiarren (edo donostiartuen) begian Donostiari buruzko iritzi kontrajarriak
Donostiarkeriak edo gorostiaren arantza Donostiarra bere buruaz Pinportak: Donostiako hiztegi baterako
Gorostian gorosti Ogi-gainekoak Mapa Kronologia Gaiak Afalondokoak