Aieteko jaietan
Sebastian Salaberria
1969
Gurutze Donearen eguna
degu Aieten zaindari,
bertso batzuek eskeintzen dizkat
gaur biotz guztiz berari;
ta otoitzean eskatzen diot
Jesus aldarekoari
eman zaigula osasuna ta
pake gozoa danori.
Agorrilaren erdi aldera
Aiete beti pestetan,
alaitasuna gainezka dabil
nola zar ala gaztetan.
Bailara zoragarriagorik
ez dago nere ustetan;
izen eder au lur ontan degu,
nik ez det entzun bestetan.
Ni ez naiz emen sortua baina
ala ere zaitut maite,
goiko galtzaran geientsuenak
nere berri badakite.
Etorri nintzan oraintxen dala
ogei ta amazazpi urte,
geroztik beti gogoan zaitut,
biotz nereko Aiete.
Konturatuko al gera noizpait
nor dan gure Gipuzkoa,
amaika bider esaten det nik
dirudila urrezkoa.
Lenengo mailan dago Aiete,
bailara eder askoa,
Españiako lendakariak
ere au du gogozkoa.
Aiete beti sonatua da,
ez dago esan bearrik,
garai batean edaten gendun
emen sagardo ederrik.
Gaur zoritxarrez tolare gutxi
ta kupel asko alperrik,
ura aukeran badegu baina
gu geienean egarrik.
Ezin ukatu aietearrok
euskera maite degula,
gure asmoak indarberritzen
Jaunak lagun dezaigula.
Mundu guztian zabaldu bedi
euskaldunaren odola,
birau gabeko izkuntz eder au
galdu ez dedin sekula.