Txirrita Altzan
Patxi Lazkano
Tiro tartean bertsotan. Auspoa, 1983
Altzan, garai artan, bi mediku ziran. Don Leandro ta don Inazio. Bertan bizi ziran biak.
Larunbatean bi medikuak Martilluneko tabernan tokatu dira, ta asi dira Txirritari eman ardoa ta eman ardoa, ta Txirrita kantatu ta kantatu, ta ikaragarrizko jornada arrapatu du.
Nunbait ere, an ondoan bizi zan baserritar batek zaldi-karroan eramaten zuan Txirrita etxera bestela ere; ta, jornada kargatzen zuanean, zer erremedio.
Eraman du ta urrengo egunean lenengo mezetara etorri dan jendea segituan enteratu da:
Atzo, ola ta ola medikuakin ta egundoko jornada eraman omen dik Txirritak.
Ala, Txirrita meza nagusira-edo atera da etxetik eta illea artzen asi zaizka besteak. Baita Txirritak aguro jan ere, ta:
Ikusten badet zabal dagola
tabernetako atia,
pekatu dala iruditzen zait
an sartu gabe juatia;
gure erriko bi medikuak
pikaro xamarrak-tia,
bartarratsian biali naute
pipa bezela betia.
Besteak nun illea artuko zioten ta dana berak esan. Berak aurrea artu. Orain ura joan da. Zer esan bear diozu zuk ari? Ori da bertsolariaren talentua.