Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Gorostian gorosti
Dokumentuak
 
Dokumentuak
mapa: Egia kronologia: 1876-07-21

Indalezio Bizkarrondo Bilintx

zeritzaion itz-neurlariari oroimen bat

 

Ramon Artola

1883

 

Argi apur bat sutu zadazu,

Apolo, pentsamentuan,

Lira xar baten soinuan doaiz

Abia nadin kantuan,

Atozte musak ere nigana,

Eguzkiaren moduan,

Denen laguntzaz bana ditzadan

Bilintxen famak munduan.

 

Kendu baneio gainetik bera

Gordetzen duen arria,

Esna eraingo nuke lotatik

Gizon beneragarria,

Kantuz altxatu nai nioke gaur

Oroikarri bat berria,

Bere gainean ikusi dedin

Onratzen Euskal Erria.

 

Bainan nik nola kanta nitzake

Bere balio aundiak?

Zertan bear det asi argitan

Jartzen beraren graziak?

Nere moduan ezagututzen

Badute beste guziak,

Bada ildako lotan naiz egon

Oroitzak dauzka biziak.

 

Penak maiz lotzen zutelarikan

Berez izanik alaia,

Inoiz paltatzen ez baitzitzaion

Jolas berrirako gaia;

Zuen txoriak bezela errez

kantatutzeko doaia,

Eta zan izdun berdingabe ta

Izkribalari galaia.

 

Non dira bere izkribu ezti

Eta kantatxo gozoak?

Non beragandik jaikitzen ziran

Euskal itz baliosoak?

Ez dira inoiz oinpetu izan,

Guziak daude odoak,

Denok dauzkagu ongi ikasi

Eta gogona jasoak.

 

Nork ez zitzaken artu gogoan

Aren grazizko esanak,

berak aitzeko zaleturikan

Egoten baginan danak?

kantatzen asten zanean igual,

Inguruetan ziranak

Bere jolasak aitzeagatik

Utzitzen zituzten lanak.

 

Eta noizik bein azten zanean

Izkribu berriak jartzen,

Zer kantu eder ez ziran bere

Doaitik argitaratzen?

Nork ez ginuzen sortu ordukoz

Ikasi eta kantatzen?

Zeinek ez, inoiz ez aztutzeko

Moduan, gogoan artzen?

 

Nork ez dakizki Euskal Errian

Txomin zanaren kontua,

Abere baten bizitza eta

Kantuzko Juramentua?

Eta zeinek ez, ere igualik

Ez duen pentsamentua,

Inoiz aztuko ez dan Kontxesi,

Aingeruaren kantua?

 

Nor zan gelditu Euskal Errian

Bainan nor, ikasi gabe

Ja-jai polit bat berarena, ta

Juana Bixenta Olabe?

Barakin kantu gaizki bizi naiz

Eta ilko banintz obe,

Eta... zein ez zan egin Izazu

nitaz kupira-ren jabe?

 

Oekin beste lan berarenak

Gustagarriak ain dira,

Ezin aspertu liteke berak

Entzutez edo begira,

Beste edozein erresumetan

Eginak izan balira,

Oraingoz eman zien guziak

Mundu osoari jira.

 

Euskal txoria txikia da ta

Nonbait au dala medio

Ez zan Bilintxen famikan gizon

Aundien mailara igo.

Baina pentsatze nerearekin

Arkitutzen naiz txit fio,

Ez dala jakin oraindik ongi

Ark zenbat zuen balio.

 

Bainan ni zertan ari naiz ezin

eginik bere pintura?

Nola nezake merezi duen

Ainbat famatu nik ura?

Egunaz maiz ta gauaz askotan

jaio izan zait burura,

Orren neurriko itz neurlaririk

ez dala jaio mundura.

 

Nik ere igo naia banuen

Bere ailegatokira,

baina indarrak paltaturikan

Eman izana naiz jira.

Arranoaren eta txorien

Egoak igualak ez dira,

gaur arkitzen naiz miresturikan

Aren lanari begira.

 

Eguzkiaren gisan emanaz

Dizdiarizko argiak,

Moldetzat utzi izan zituen

gauza begiragarriak.

Euskera minez zegon denboran

Eginak dira guziak,

Ala euskerak, eta guk beti,

Zorko dizkagu graziak.

 

Nola ez ziran gauza aundiak

jaikiko bere burutik,

Intza bezela doiaia jaisten

Bazan argana zerutik?

Guk nai baino len utzirik bere

Grazi zerukoak zutik,

Erreinu eder baten moduan

Ezkutatu zan mundutik.

 

Aundiak ziran bere graziak

Bainan baita ere penak,

Ezin kontatu litezke ia

Pasa izan zituenak.

Oek guretzat nola osatzen

Dituen goian dagoenak,

Inoiz ez ditu banatzen baten

Gainean, zorion denak.

 

Mundu berria bilatu zuen

Kolon, egon zan katean,

Eskulano bat beti arkitu

Oi zan atsekabe pean,

Zerbantes preso, beso bakarra,

Beti penaren artean,

Eta Kamoens aundia berriz,

Il zan eritei batean.

 

Bati zerutik doai ta grazi

Aundiak jasiten bazaizka,

Beren ordaintzan atsekabeak

Ere azalduko zaizka,

jaunak berari zorion utsak

Noski emango ez dizka,

Txarrakin onak gure artean

partitzen dira erdizka.

 

O, Bilintx aundi miragarria,

O, il zinan martiri,

Zuk ere doai truke zenduen

Malkoa pranko ixuri!

Gauza eder ta aundiak utzi

Zizkiguzulako guri,

Maitetasun bat denen partetik

Agertzen dizut gaur zuri.

 

Merezierak zauzkatelako

Leku altuan jarria,

Zure bururra ez naiz iristen

Artzeko bere neurria,

Bada uztaitu bear nizuken

Tokian koroi berria,

Zere oin-alki ipintzen dizut

Kanta, Oroimengarria.

 

 

mapa: Egia kronologia: 1876-07-21
Gorostian gorosti Ogi-gainekoak Mapa Kronologia Gaiak Afalondokoak