Ez Frantzia ez Espainia
Victor Hugo
1843
Idi orgaren karranka. Euskal Herrian gaindi
Elkar, 2002
Badakizu non naizen? Hiri xarmagarri batean. Donostian. Eta zertako naizen hemen? Zergatik etorri naizen hona? Ez dakit egiazki. Gogoak eman dit Espainian sartzeko, eta horra. Baina Espainian ote naiz?
Donostia lotua da Espainiari, Espainia Europari lotua den gisan, lur-mihi batetik. Uharte da abantzu. Eta beste hainbat gauzatan bezala hemen ere itxura fisikoa egoera moralaren iduria da. Ozta izan liteke nehor espainiarra Donostian; euskaldunak dira bertakoak oro. Gipuzkoa da hau, foruen herri zaharra, euskal probintzia libre zaharrak. Ongi da gaztelera apur bat hitz egitea; baina bascuence hitz egiten da hemen bereziki. Emazteek mantelina daramate, baina ez daramate gonapekorik, eta madrildarrek hain koketeria handiz eta graziaz begietaraino daramaten mantelina hori, buruaren atze alderaino jasotzen dute gipuzkoarrek, eta horrek ez die kentzen, neholaz ere, arras koket eta grazios izatea. Gauean belarraren gainean egiten dute dantza atzamarrei kriskitin eraginez eskuaren katiluan; kastaineten itzala baino ez da. Dantzariak zalutasun bateratuan kulunkatzen dira, baina inspiraziorik gabe, suhartasunik gabe, grinarik gabe, linburtasunik gabe; kaxuxaren itzala baino ez da.
Eta gainera, nonahi ageri dituzu frantsesak; hirian, boticas dauzkaten hamabi merkataritan hiru frantsesak dira. Ez naiz kexatzen, oharrarazi egiten dut. Gainerakoan, ohituren aldetik bakarrik hartzen baldin baditugu, hiri hauek oro, hala alde batekoak nola bestekoak, Baiona nahiz Donostia eta Oloron nahiz Tolosa, herri mixtoak dira. Ezagun dute nahasi egiten diren herrien irakina. Ibaien bokaleak dira. Ez da Frantzia ez Espainia; ez itsaso, ez ibai.
Itxura berezia dute, egia esan, eta aztertzeko modukoa. Erantsiko nuke hemen ezerk, ez hitzarmenek, muga diplomatiko horiek, ez Pirinioek, muga natural horiek, hautsi ahal izan ez duten lotura sekretu eta sakon batek batzen dituela euskal familia misteriotsuaren haurride guztiak. Nafarroa hitz zaharra ez da hitz bat. Euskaraz sortu, euskaraz mintza, euskaraz bizi eta euskaraz hil. Euskara aberri da hemen; erlijio, esanen nuke kasik. Esaiozu euskarazko hitz bat baserritarrari mendian; hitz horren aitzinetik, doi zinen gizon bat harendako; hitza esandakoan, anaia zaitu. Espainiera atzerriko da hemen, frantsesa bezala.
Dudarik gabe, euskal batasun hau ahuldu eta desegin eginen da azkenean. Estatu handiek irentsi egin behar dituzte ttipiak; historiaren eta naturaren legea da. Baina nabarmentzekoa da batasun honek, iduriz ahul, horren luzaz iraun izana. Frantziak Pirinioen alde bat hartu du. Espainiak hartu du bestea; ez Frantziak ez Espainiak lortu dute euskal taldea sakabanatzea. Lau mendetik hona gaineratzen zaion historia berriaren azpian, guztiz ikusgarri dago, aintzira baten azpiko kraterra bezala.
* * *
Euskal batasun honek ondorio bitxiak ematen ditu. Horrela, Gipuzkoa udalen herri zaharra da. Mendeak dira Andorrako eta BagnSres-ko antzinako izpiritu errepublikarra hedatua dela Jaizkibel mendian, Pirinioetako Jura baita, nolazpait. Hemen hitzarmen batean bizi ziren, Frantzia erregetza absolutu txit kristauaren menpe eta Espainia erregetza absolutu txit katolikoaren menpe ziren bitartean. Hemen, aspaldi handienetik, herriak izendatzen du auzapeza, eta auzapezak kudeatzen du herria. Auzapeza alkate da, epaile da, eta herriarena da. Apeza Aita Santuarena da. Zer gelditzen zaio erregeari? Soldadua. Baina Gaztelako soldadua baldin bada, herriak arbuiatu eginen du; soldadu euskalduna bada, apezarena eta auzapezarena du bihotza; erregearena ez da uniformea baino izanen.
Ikusi batean badirudi halako nazioak ezin hobeki prestatua egon behar lukeela berrikuntza frantsesak hartzeko. Utikan. Askatasun zaharrek beldur diote askatasun berriari. Euskaldunek ongi frogatua dute.
Mende honen hastean behin eta berriz, eta ez gutitan mugonez, Konstituziogilearen itzulpenak egiten zituzten Gorteek espainiar batasuna ezarri zuten. Euskal batasuna oldartu egin zen. Euskal batasunak, bere mendietan zokoratua, iparraren hegoaren arteko gerla piztu zuen. Tronuak Gorteekiko lotura eten zuenean, izutu eta jazarturiko monarkia Gipuzkoan aterbetu zen. Eskubideen herriak, foruen nazioak oihu egin zuen: Viva el rey neto! Antzinako euskal libertateak bat hartu zuen, espiritu iraultzailearen aurka, Espainietako eta Indietako antzinako monarkiarekin. Eta ikusi batean kontraesana dirudien honen azpian logika sakon bat eta zentzu zuzen bat ageri ziren. Iraultza hauek, esan dezagun berriro, zabarkeria berdinean erabiltzen dituzte botere zaharrak zein askatasun zaharrak. Berrizkotik hasten dira, eta eskala handian berregiten dute dena; etorkizunerako ari dira, eta biharko Europaren neurria hartzen dute egundainotik.
* * *
Mintzaira iraultzailean, printzipio zaharrei aurreiritziak esaten zaie, egitate zaharrei desmasiak esaten zaie. Hau egia eta gezurra da ber denboran. Nolanahikoak direla ere, errepublikar edo monarkiazale, gizarte zaharrak abusuz beteak daude, gizon zaharrak zimurrez eta etxe zaharrak deboiladuraz bezala; baina bereizi egin behar litzateke, sasiak kendu eta etxea gorde, abusua kendu eta estatua begiratu. Hauxe da iraultzek egiten ez dakiten, nahi ez duten, edo ezin dutena. Bereizi, hautatu, inausi... ez daukate astirik! Ez datoz baratzea jorratzera, lurra ikara batean jartzera baizik. Iraultza ez da lorazaina: Jainkoaren hatsa da. Pasatzen da lehenengoz, dena jausten da; pasatzen da bigarrenez, dena sortzen da ostera.
Iraultzek, beraz, gaizki darabilte iragana. Iragana daukan orok die beldur. Iraultzendako, Espainiako antzinako erregea abusu bat zen, antzinako euskal auzapeza beste bat. Abusu biok bat egin zuten etsai komunaren aurka arriskua sumatu orduko; erregearen makila izan zen auzapeza. Eta hona hemen, gauzen azala baino ikusten ez dutenen harridura handian, Gipuzkoako errepublika zaharrak Gaztelako despotismo zaharraren alde egin zuela borroka 1812ko Konstituzioaren aurka.