Horra Donostia
Victor Hugo
1843
Idi orgaren karranka. Euskal Herrian gaindi
Elkar, 2002
Muino bat eskuinean, muino bat ezkerrean, bi golko; erdian istmo bat, mendi bat itsasoan; mendiaren orpoan hiri bat. Horra hor Donostia.
Lehen ikustatea bikaina da: bigarrena libertigarria da. Ezkerreko muinoan farola bat. Uharte bat badian farola horren pean. Komentu suntsitu bat. Hareazko hondartza. Idi orgek deskargatzen dituzte hondartzan burdin mineralaz betetako ontziak. Donostiako portua moilarri-muturren mataza bitxia da.
Eskuinean Loiolako ibarra, papogorriz betea, non Urumeak, altzairu koloreko ibai politak, ferra erraldoi bat marrazten duen. Iparraldeko muinoan lur jotako pareta puska batzuk, 1813an Wellington-ek hiria bonbardatu zuen gotorlekuaren puskailak. Itsasoak ikusgarri jotzen du.
Hiriko bortaren gainean, Felipe II.aren denboretako orla eder higatuak hiriaren armak inguratuko zituen noizbait, frantses moldeko iraultzaren batek ezabatuak egun. Borta honen barnean, guardia-leku eta zentinelaren gainean, zur margotuko Kristo handi bat, odol tanta handiak dituela arantzazko koroaren pean. Ur bedeinkatuaren ontzia aldamenean. Guardiako soldaduek gitarra eta kastainetak jotzen dituzte. Uharri ttipiko karrika izugarria.
Hiriaren itxura. Hiri berria. Berreraikia. Karratua. Damierra.
Deskribatzeko eraikinik ezean, nahi duzu bertako ohituren marrazkitxo bat?
Bazkaltzen ari nintzela, algarak eta kastainetak entzun ditut kalean. Jalgi naiz; gizon arraro samalda batek inguratu nau; zarpatsu, pildatan bilduak, Callot-en figurak balira bezain harro eta dotore; Direktorioko Incroyables-en bonetak buruan. Mustaxa motzak. Itxura noble, espirituala eta lotsagabea. Oihu egiten dute ene itzulian: Los estudiantes! Los estudiantes! Oporretan dauden Salamancako ikasleak dira. Hurbiltzen zait bat, agur egin eta kapelua luzatzen dit. Pezeta bat jaurtitzen dut bertan. Zutitzen da. Orok oihu: Biba! Hala zeharkatzen dute herria, limosna eske. Batzuk aberatsak dira. Horrela libertitzen dira. Espainian eskeko ibiltzea ez da harrigarri. Egin egiten da.
* * *
Bizartegi batean sartu naiz. Soto antzeko batean bizi da artista hau. Baditu hiru pareta handi, leihorik ez; ate bat hondoan. Luis XV. ispilu ezin dotoreago bat, Austerlitz eta Marengo-ko bi grabatu koloreztatu, haur ttipi batez eta antzina borreroaren etxean egoten ahal ziren bezalako bi gurpil handi dituzu etxearen hornidura. Gizon honek lau hizkuntza mintzo ditu, kiratsa dario eta miresgarri egiten du bizarra. Hona hemen bere historia. Aquisgran-en sortu zen, eta alemanez egiten du. Enperadoreak frantses bilakatu zuen eta inperioak soldadu, frantsesez egiten du. Espainiarrek atxilo hartu zuten 1811n, espainieraz egiten du. Hemen ezkondu zen euskaldun batekin, euskaraz egiten du. Horra zer den menturak bizitzea lau hizkuntzatan.
* * *
Izena Oiarbide omen duen euskaldun handi eta sendo bat datorkit ene puskak eramanen dituela esanez. Hartzen ditu.
Karga dute!
Zenbat nahi duzu?
Pezeta bat.
Ados.
Hartzen du dena buru gainean eta intziri egiten du zamaren pean. Atso xahar bat ikusten dugu, oinutsik, jadanik zamatua. Ez dakit zer esan dion euskaraz harengana hurbilduta; atsoa gelditu egin da. Gizonak bere zama guztia paratzen dio buru gainean erdi betea daraman otarrean eta enegana itzultzen da gero. Atsoa aitzinetik doa. Oiarbide, eskuak bizkar atzean, ene ondotik dator solas eginez. Badu behor bat; eskaini egiten dit egunpasa joateko Hondarribira eta Errenteriara; zortzi sos, egun batekoa. Heldu gara. Atsoak Oiarbideren oinera jaitsi du bildua eta erreberentzia egin dio. Bere pezeta ematen diot Oiarbideri.
Ez diozu deus eman behar emazte dohakabe horri? esan dit.
* * *
Donostiara heldutakoan idatzi ditudan gutunen zatiak:
«...Espainian nauzu. Oin bat bederen bertan dut. Poeten eta kontrabandisten herria duzu hau. Natura zoragarria da; amestiek behar duten bezain basa, ohoinek behar duten bezain zakarra.»
«...Mendi bat itsasoaren erdian. Bonben aztarna harresi guztietan, enbaten aztarna haitz guztietan, arkakusoen aztarna alkandora guztietan, horra Donostia.»