Donostia
Wilhelm von Humboldt
1801
Zortzi mila biztanle ditu, bere udalerriko inguruetakoekin hamalau mila.
Itsasertzetik eta hiriaren erdialderaino haur txipiak irten zitzaizkigun bidera, gehienak neskatoak panderoekin, eta opariren bat eskatzen zuten. Hiri barnean ere halako samalda batek jarraitu zigun. Ohitura dute hemen maiatza osoan.
[...]
Hiria txipia da, oso estu eraikia, baina etxe luze erregularrekoa eta espaloi zabalekoa, alde guztietan balkoiak; labur, espainiarren gustokoa osorik. Halakoa da merkatuko plaza karratua ere. Alde batean dauka udaletxea, balkoi urreztatuarekin. Merkatua txipia, baina txukuna eta polita.
Karratu ongi gotortua daukan mendiaren ostean dago zitadela, zehazki. Ez du inolako bistarik itsasora, eta kokagune itsusia beraz. Zitadelako mendiaren albo bietan badia txipi bana egiten ditu itsasoak. Hegoaldekoa Ulia izena duen mendi baten orpoan, eta bertan itsasoratzen da hiria inguratzen duen ibai txipia. Sartaldekoan portua dago, baina ez zeukan bat ere ontzirik. Ditxoetan bazeuden batzuk. Bigarren badia honetan Santa Klara izeneko uhartea dago, ertz gehiena arkaitzez, eta sarrera bitan banatzen duela.