Antigua
Izenak berak salatzen du zaharra behar duela izan. Donostiako lehen biztanleak hantxe kokatu ziren. Horregatik esaten dute antiguatarrek «Donostiara noa», tuneletik haratago pasa behar dutenean. Beste zerbait dira beraiek, donostiarren noblezia edo.
San Sebastian non dago? Donostiako eliza zaharrenak San Bizente eta Santa Maria dira. Antiguan dago San Sebastian.
XIX. mendean Donostiaren auzo proletarioa bilakatu zen Antigua, edari, botila, poxpolo, kare eta xaboi lantegiekin. Langileak ez ziren, jakina, oso etxe txukunetan bizi. Txirotasun hura itsuskeria bihurtu zen Miramar jauregia egin zenean, Bazterretxe izeneko auzoak ez zuen egoki ematen erreginaren ondoan. Antigua berritzeko batzorde bat osatu zen 1917an, eta honakoak irakur litezke egin zuen txostenean:
«...focos inmundos, casas insanas, faltas de luz y de aire, de ruin construcción, y de aspecto rancio y repugnante...»
Hala ere, inguruetan ez zen sagardotegirik falta, eta bertsolarien biltoki izan genuen auzoa. Benta-Berri izenak, zer dakar besterik akordura?
«Antiguo Berri» sortu da orain, «contradictio in terminis» edo «harrapa ezank hankatik» esan genezakeena. Antiguo zaharrean, hau da, Antiguan jaioa da Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi,
idazle eta hizkuntzalari handia, euskaldunberria bera ere inoiz, exilio luzean Antigua amets egiten zuena.