Parte Zaharra
Hemengoa dugu koxkeroa.
Hemengoa dugu Joxemaritarra.
Festarik behar bada, bego Parte Zaharra.
Parte Zaharra hiri osoa izan zen XIX. mende erdia arte, harresiz barneko kale estu eta zikin haietan bizi ziren bi mila eta zenbait donostiar koxkeroak. Kalera orduko, denak ezagunak. Gaskoina galdu zuelarik, euskaldun jarraitu zuen herriak. Troparekin gaztelaniaz, handik eta hemendik zetozen ontzikoekin frantsesez eta halamoduz. Ofizialtasunaren azpitik beti euskaraz:
Calle del 31 de Agosto
San Telmo kalea
Calle del Puyuelo
Apaiz kalea
Calle de Embeltran
Aza kalezarra
Calle del Campanario
Zubigañ kalea
Calle de San Jeronimo
Escotilla kalea
Calle de Narrica
Esnategi kalea
Calle de Esterlines
Collado kalea
Calle de Juan de Bilbao
Ikatz kalea
Plaza de la Constitucion
Plaza Berriya
Udalak ontzak eman behar izan zituen, 1897an, herriak aspalditik erabiltzen zituen «beste» izenok.
Hementxe sortu zen euskal antzerki modernoa, Marzelino Soroak
zeukan gimnasioan.
Hementxe egon da hiriko merkatu nagusia, Bretxan.
Hementxe hasi ziren bertsolariak eszenarioan, Antzoki Zaharrean.
Hementxe egiten zituen kanta eta irrintzi Brokoliyok eta Brakamanek, gaur gaztetxoek hartua duten Ikatz kaleko Correopia sagardotegian berotu ondoren.
Hementxe unibertsalizatu zen baserria, Plaza Berrian egiten hasi ziren Santotomasetan.
Afariak, kontzertuak, dantzaldiak, tanborradak... denetik egin da Parte Zaharrean, izan du antolatzailerik: Gaztelubide, Gaztelupe... gazteluaren orpoan Donostia. Horregatik, Urgulli, donostiar petoek Gaztelumendi esan izan diote beti. Izen egokia, gure mendi mitikorako.
Hiriko bazterrik ludikoena da noski Parte Zaharra, baina ez kultura ahanztuta. Udaletxe zaharra da horren lekuko.