Zentroa
Zentroa, erdia, erdialdea, erdigunea... «Hiribarnea» ikusten ahal dugu Iparraldeko hainbat herritako bideko argibide ofizialetan ezarria, gu ezin esanik gabiltzan ingurua izendatzeko. Hiribarnea, errebalak ez beste guztia, muina, nukleoa, merkataritzaren eta administrazioaren «zonaldea», eraikuntza historikoak eta oinezkoentzako karrikak dituen kaskoa.
Hiri zaharra izaten da, oro har, zentroa edo barnea. Donostian ez da horrela gertatu. Mendipean egonik, ezin izan du albo guztietara handitu, Urgull kontra gelditu da, txokoan, Parte Zaharra. Eta zentroa gabe, «Partea» dugu orain.
Euskaldunak, piskanaka, hiri berrira hartzen hasi ziren kaitik eta Plaza Berritik irtenda eta auzoetako baserrietatik jaitsita.
Euskarazko sermoiak eskatu zituzten Buen Pastor katedralean.
Hiriko kalerik erdaldunenean, Abenidan, «Mintzatzen da euskeraz» iragarri zuen bere bulegoan Credit Lyonnais bankuak, eta bere zerbitzuen iragarkiak egin zituen euskaraz, 1905ean.
Ramon Intzagarai
idazleak Donostia ez baina Guadalajara zela zioen etorbide horretan bertan, euskarak leku bat hartu zuen irratian, 1925ean.
El Dia egunkariak Okendo kalean zeukan egoitzan, euskal orria egunero argitaratzea lortu zuen Ander Arzelusek.
Kale berera etorri zen, hogeita hamar urte geroago, Zeruko Argia astekaria.
Salon Novedades-en euskarazko hitzaldi saioa antolatu ohi zuen urtero Euskal Esnalea erakundeak, 1907an hasita.
Maria Cristina hotelean, Ernest Hemingway Nobel sariak kontratu berezi bat sinatu zuen, Agurea eta Itsasoa-ren euskal edizio eskubideak libre utziz.
Victoria Eugenia antzokian, euskal kantagintza berriaren lehen kantaldia eman zen 1966an.
Donostia euskalduna da barnean.