Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Gorostian gorosti
Afalondokoak
 
Afalondokoak

UME EDER BAT

        Jose Maria Iparragirre, 18??

        Musika: Jose Maria Iparragirre

 

Doinua (MIDI) | Partitura (PDF) | Diskografia

 

        Zergatik esaten ote du «ume (eder) bat»? Bera zaharra delako? Gaztetxoak gustatzen zaizkiolako? Ez dira galdera hutsalak: hogeita hamasei urte zituen emazte hartu zuenean Angela Kerexeta hamazazpi urtekoa. Gaztetxoarekin gustatuta ulertzekoa da bere buruari zahar iriztea, gizon gordina izanagatik.

        Bitxi samarra da, nolanahi ere, «ume (eder) bat» esatea neska edo emakume gazte bati. Non eta erdararen eragina ez den, alegia, ez ote dago azpian amodiozko kantuetan hain erabilia den «criatura» hitza?

        Kantu honek sortzen du beste jakin-min bat. Ezin omen zen pasatu ume haren ondotik «hitz erditxo bat» hari egin gabe. Piropo bat bota gabe, noski. Zein izan ote zen, ordea, Iparragirreren hitz erditxo limurtzailea?

        «Politagorik ez det ikusi nere begien aurrean» izan baldin bazen behintzat, gure kantari handia ez zen oso piropogile ona. Baina bazuen bestelako dohainik: gizon ederra zen, bizar polita zeukan, bihotz onekoa eta hizketan inork baino hobeto egiten zuen. Angela Kerexetaren hitzak dira, «ume eder» harenak...

 

Ume eder bat ikusi nuen Donostiako kalean,

hitz erditxo bat hari esan gabe nola pasatu parean?

Gorputza zuan liraina eta oinak zebiltzan airean...

Politagorik ez det ikusi nere begien aurrean.

 

Aingeru zuri paregabea, Euskal Herriko alaba,

usterik gabe zugana beti nere bihotzak narama:

ikusi nahian beti hor nabil nere maitea, hau lana!...

Zoraturikan hemen naukazu beti pentsatzen zugana...

 

Galai gazteak galdetzen dute «Aingeru hori non dago?»

Nere maitea nola deitzen dan ez du iñortxok jakingo.

Ez berak ere, ez luke nahiko, konfiantza horretan nago:

amoriodun bihotz hoberik Euskal Herrian ez dago.

 

 

Gorostian gorosti Ogi-gainekoak Mapa Kronologia Gaiak Afalondokoak