Haurrek kalean eta taldean jolasten zuten garaiko kantua dugu hau, forma etno-poetiko bezala sailkatu izan da. Letra itzulezina dela adierazten dute gure musikaren zabaltzaile askok. Hala da, eta hortxantxe edertasuna. Ez itzulezina delako, ezer adierazten ez duelako baizik. Hobeto esanda, haurrek bakarrik dakitelako zer esan nahi duten hitzok. Guk, helduok, poztasuna adierazten dutela dakigu, zehazki zer esan nahi duten ez jakin arren. Musikarik ez balu eta haur jolasa dela jakingo ez bagenu, poema dekoratiboa dela esango genuke: kinkirrinera, kunkurrunera, zamarrunera, zanburrunera... hotsak dira nagusi, koadro abstraktu bateko koloreak bezala.
Gaur egun gorputz espresioa lantzeko erabiltzen da kantu hau eskolaurrean, Donostian behintzat, biribilketa sotil baten dantzan. Oso egokia da horretarako, «Antonio» edo «Maritxo» ordez beste edozein izen kanta litekeelako, eta «Plaza Berriko» ordez haurraren auzoa edo kalea.
Horra non garai bateko jolasak ariketa pedagogiko bihurtu zaizkigun!
Ala kinkirrinera!
Ala zanburrunera!
Antonio Plaza Berriko
jira hadi beste aldera!
Beste aldaera bat, Oihartzunen jasoa:
Alan-alan kinkirrinera!
Alan-alan zamarrunera!
Maritxo Plaza Berriko
jira hadi beste aldera!