Euskararen Donostia PatronatuaDonostiako Udala
Gorostian gorosti
Afalondokoak
 
Afalondokoak

JUANA BIXENTA OLABE

        Bilintx, 1874

 

Doinua (MIDI) | Partitura (PDF) | Diskografia

 

        Antzerkiko agerraldiak dirudite bertsook: maizterraren alaba etxejabea liluratzen, amaren serio plantak, ezkontza... Ekitaldi oso bat ia. Ezkontza galdutako nobioaren figura besterik ez genuke behar drama osatzeko.

        Drama baino, komedia ez ote den, azpian dagoena.

        Halako tonu ironiko bat dario, izan ere, kantu honi: dena fartsa giroan gertatuko balitz bezala, bai neskaren erreakzioetan bai nagusiarenetan. Amak mila informe eskatzen ditu, baina berehala ezkonduko dira... Eta azken bigarren bertsoan «Handik zortzi bat egunetara / edo hamar ziran ez dakit bada / ez, hamar ezin zitezken izan...» dio Bilintxek, maltzur. Amak edo alabak, nork zeukan presa? Biek? Azken aurreko bertsoak ere susmoak dakartza...

        Maisu handiek bakarrik egiten jakin izan zituzten bertso dialogatuen eredua dugu, dudarik gabe, Bilintxen sail hau.

        Lehen edizioko paperean honako oharra ageri da:

 

        «Debecatuba dago, canta obec, iñorc moldeco letraquiñ paperian ezarritzea, beren sortzalliaren baimena bague. Bara onenchen bere beriac dirare, eta ontan faltatzen dubenac izango du leguiac aguintzen duben castiguba».

 

        Baziren orduan ere, nonbait, besteren lana norberaren probetxurako baliatzen zutenak... Eta Bilintxen lana, oharrak berak salatzen duenez, ongi saltzen zena izaki!

 

Nagusi jauna, hauxen da lana!,

amak bidaltzen nau berorrengana.

Ai bidalduko bazinduke maiz!

Zu ikusita konsolatzen naiz,

sinista zazu:

oso zoraturikan naukazu!

Horren polita nola zeran zu

oso zoraturikan naukazu.

 

Amak esan dit etxeko errenta

pagatzeko dirurik ez zuen-ta

ea egingo dion mesede,

hilabetean gehienez ere,

itxoegitea,

bada zierto dala ematea

pasa baino lehen hilabetea.

 

Logratutzea, errez hala ere!,

nahiz hori 'ta beste zernahi gauza ere

seguro dala esan amari

zu baldin bazatoz mandatari,

dudarik gabe,

nere borondatearen jabe

zu zera Juana Bixenta Olabe.

 

Beraz, bertatik noa etxera,

poz haundi bat amari ematera.

Orain adio nagusi jauna,

presaka joan biat amagana.

Ez zoazela,

portatu zaite nik nahi bezela

gaur etxera joan ez zaitezela.

 

Zuen etxea dago urruti,

bidean zer gerta izan beldurti,

bada ia pasa da eguna,

arratsa berriz dator iluna.

Orain joatea

txartzat iduki nere maitea,

gaur hemen bertan gera zaitea.

 

Ez joan etxera bide hoietan

gauaz bakarrik eta ilunbetan,

kontura erori zaitea zu,

gauaz ilunbean joan biazu,

peligro haundiz

eta hobe dezu ehun aldiz

bihar goizean joan egun argiz.

 

Ezetz etsia egon liteke

ni hemen gelditu ezin niteke:

amak espero nau gauerako,

eta hark espero nauelako

joan behar det nik:

alaba ikusi bagetanik

amak izango ez luke onik.

 

Hemen zuretzat dira parako

jaki txit goxoak afaitarako:

edaria berriz, Jaungoikoa!,

hilak piztutzeko modukua,

ardo ondua;

ontzen urteetan egondua,

Malagatikan da bidaldua.

 

Jauna berorrek, bainan alferrik,

badaki armatzen lazo ederrik:

lazoa ehiz' bage gera dedin

nere etxean nahi ditut egin

afaldu 'ta lo;

nahiago ditut hango bi talo

ta ez hemengo mila erregalo.

 

Bihotz nereko, dama polita,

asmoz muda zaite hauxe tori 'ta:

hamasei duroko urre fina,

sendatu nahi 'zazun nere mina.

Ez jauna, ez, ez;

merezi bezin kopeta beltzez,

esango diot ezetz 'ta ezetz.

 

Gainera, berriz, Juana Bixenta,

utziko dizutet etxeko errenta...

kito zor didazuten guzia,

kunplitzen banazu kutizia.

Lotsa gogorra!

sufritzen dago gaur nere honra,

penaz malkoak darizkit, horra!

 

Nik ditut kulpak, ez egin negar,

horlakorik ez nizun esan behar:

animan sentitutzen det mina

zuri ofensa hori egina,

maldizioa!

Ez dakit non neukan juizioa,

eskatzen dizut barkazioa.

 

Barkazioa du-'ta eskatu,

nere bihotz onak ezin ukatu,

erakutsi didalako, jauna,

gaitz eginaren damutasuna,

konforme nago:

ez eginda ofensa gehiago,

gaurkoa oso ahaztutzat dago.

 

Berriz nik egin zuri ofensa?

Arren, horlakorik ez bada pensa!

Zaukazkit neskatxa fin batentzat,

eta gusto haundiz emaztetzat

hartuko zaitut;

bihotzetikan esaten dizut,

zuretzat ona baderizkizut.

 

Hori egiaz baldin badio

neregana egon liteke fio;

bainan usatuaz kortesia,

ama nereari lizentzia

eska bezaio.

Hori gustora egingo zaio,

bihar goizean joango natzaio.

 

Banoa orain. Atoz honuntza,

biderako hartu zazu laguntza.

Adi zazu, morroi Jose Joakin,

etxera farolan argiakin,

aingeru honi

gaur zuk laguntzea da komeni,

kezketan egon ez nadien ni.

 

Aingeru hari lagundu eta,

horra, jauna, egin ostera buelta;

bidean bai beldurtxo zan bera,

bainan ailegatuta etxera,

kontentu zegon;

orain kezketan ez du zer egon,

ohera joan 'ta pasatu gau on.

 

Heldu zanean hurrengo goiza,

nagusiak zuen kunplitu hitza;

joan zitzaion amari etxera,

andretzat alaba eskatzera.

Amak txit firme,

hartuta gero mila informe,

gelditu ziran biak konforme.

 

Handik zortzi bat egunetara,

edo hamar ziran ez dakit bada;

ez, hamar ezin zitezken izan...

Handik zortzi egunera elizan

ezkondu ziran;

ezkondu ta etxera segidan,

jendea franko bazuten jiran.

 

Bost hilabete edo sei hontan

ez dirade beti egondu lotan,

eman dute zenbait jira-bira

eta gozatutzen bizi dira

ditxak ausarki;

hobeto ezin litezke arki,

espero dute haurtxo bat aurki.

 

Dama gazteak, ez egon lotan,

begira zaitezte ispilu hontan:

gustatuta bertute ederra,

andretzat hartu bere maizterra

du nagusiak!

Horla irabaztera graziak,

saia zaitezte beste guziak.

 

 

Gorostian gorosti Ogi-gainekoak Mapa Kronologia Gaiak Afalondokoak