Eibarren bildutako kantua da.
Donostiari herri txikia esaten baldin badio eibartar batek, XIX. mende hasierakoa edo izan litekeela pentsa genezake, harresiak bota aurrekoa nolanahi ere. Orduan ez zen izugarria handia izango Eibar ere, baina txisperoek beti eduki izan dute halako zera bat...
Kantu zaharrekin maiz gertatzen den bezala, Donostiako herri txikia honek Azkuek Hondarribian bertan jaso zuen Hondarribia herri txikia haren aldaera ematen du. Antzeko letra dute biek, baina Azkuek dakartzan bi melodiez oso bestelakoa dugu hau.
Kantu hau T. Etxebarriak bildu zuen, Imanol eta Ziriako Ortiz de Zarateren ahotik.
Donostiako herri txikia
baina plazia zabala,
hantxe dadukaz alargun batek
ederrak hiru alaba.
Ondo esanda eskatu nion
gaztiena behar nebala,
errespuesta eman ziraden
mutil pobrea nitzala.
Ni mutil pobrea banaiz bere
zu panaderaren alaba,
ogi berotan jango zeunkela
Naparroa ta Araba, / zeure ta neure jornala
ardo goxotan gutxitxo zeunke
Ondarroako kanala,
Ebroko urakin ezin garbitu
zure atorra maskala.