Mila zortzirehun ta zinkuentaikuatruan
gure donostiarrak baletara juan.
Horrelako konturik zeinek du goguan?
Ez zitzaigun ahaztuko denbora askuan.
Donostiako jende prestu ta noblea,
Gipuzkoa guztian parerik gabea;
zuek, getariarrok, gauz onen zaleak,
bixigua zala uste al zenduten balea?
Luis Gaiztoak emanik lehenengo arponada,
balea harrapatzeko txit gizon ona da;
estimatzekoa zan halako jornada,
beratzi mila errial bazuen jornala.
Jose de Karamelok bigarren kolpean
ederki portatu da bere suertean,
baleari odola bizkarra betean,
ez zitzaion gelditu ito zan artean.
Hondora joan zitzaigun balea hil zanean,
etxera etorri ginan ageri ez zanean;
getariarrak hartu azaldu zanean,
ez genioten kendu lehenengo esanean.
Zuek ekarriagatik bixigua ugari
utzi ezaiozute gure baleari;
ama ihesi joanda umea da hori,
segi egiozute nahi badezute hari.
Besteren gauzarekin gizonen sasoia,
hortikan ere bada bertso baten gaia;
petxutikan sartuko ziola arpoia,
kulpa gehiago ez 'ta, hau da arrazoia.
Horixe da modua gizona galtzeko,
petxua zabalduta Luisek sartzeko,
paraje sagraduan kolera jartzeko
injenio txit ederra zeruan sartzeko.
Jose Manuel Xerenok indarrak baditu,
haren zartadakoa Getarian aditu.
Jendea egin zuen orduan harritu,
izugarrizko famak hark ekarri ditu.
Tripulazio guzia zan guztiz abila,
jende balientea, indarretan fina,
patroi entenditua, ongi hitz egina,
guziak egin zuten beren ahalegina.
Getariar horiek ez ziran izutzen,
Antiguara joanda balea ikusten.
Pagatu behar zutenik ez zuten pentsatzen,
sartu baino lehenago bi txanpona zuzen.